lunes, 14 de diciembre de 2009

Zorionak Maialen!


Zorionak Egaña!, Zorionak Amets! eta batez ere zorionak Maialen!

Gora bertsolaritza

sábado, 12 de diciembre de 2009

lunes, 7 de diciembre de 2009

'Blade Runner' filmaren amaiera

Aurreko batean zinemako bakarrizketaren bat hautatzen saiatzen ari nintzen, eta 'Blade Runner' filmeko replikantearen heriotzarekin oroitu nintzen. Rutger Hauer aktoreak oilo ipurdia jartzen du.

Hemen duzue eszena, jatorrizko bertsioan.

viernes, 27 de noviembre de 2009

'Ander' filma Bilbon

Bilboko Multi aretoetan estreinatuko dute gaur 'Ander' filma. Roberto Caston da zuzendaria eta aktore protagonista Joxean Bengoetxea. Donostiako Zinemaldian ikusteko aukera izan genuen eta oso lan interesgarria iruditu zitzaigun, Euskal Zinemak azken aldian eman dizkigun fruitu gehienak baino hobea. Elkarrizketen %60 inguru euskaraz dira eta %40a gaztelaniaz (kontuan izan protagonistetako bat Peruko etorkin bat dela). Baserriko otorduetan begirada isilek asko komunikatzen dute filmean, eta hori oso ongi lortua dago aktoreen lan zoragarriari esker. Gidoia ez da batere txarra. Funtsean, zinta gomendagarritzat jotzen dugu.

Filma astebetez baino ez da egongo Bilboko Multin, ez baitute banatzailerik aurkitzen. Ostean, Ipar Euskal Herrian otsailaren 17an estreinatuko dute. Baina filmeko egileak zain daude ea Hego Euskal Herriko areto komertzialetan modu normalean noiz estreinatuko (Bilboko Multiena ekoiztetxeak berak bere gain hartutako aurre-estreinaldia da). Filmak Cicae saria jaso zuen Berlinalen, eta 40 jaialditan egon da. Gutxienez 12 herrialdetan erosi dituzte filmaren eskubideak. Oraindik ere zer esana emango duen lana dugu 'Ander'.

Honatx EITB Kultura saioan filmaz emandako erreportajetxoa:

viernes, 13 de noviembre de 2009

Das Leben der Anderen La2en larunbat gauean

Florian Henckel von Donnersmarck zuzendari alemaniarraren Das Leben der Andere (La vida de los otros-Besteen bizitza) film bikaina emango dute bihar larunbata La2 katean, 22:00etatik aurrera. Aste honetan telebistako eskaintza tentagarriena, joan den asteazkenean Hamaikan eman zuten Metropolis-ekin batera.

La vida de los otros zoragarria iruditu zitzaigun zineman. Berriro ikusteko gogoa ematen duen horietakoa da.



jueves, 5 de noviembre de 2009

'V'-ren bertsio berria AEBetako ABC katean

Zinema da blog honen oinarria, baina telebista asko kontsumitu izan dugu urteotan. Txikitan V telesailak harrapatu gintuen, arratoiak jaten zituzten estralurtarrekin. Bertsio berria ez dakigu nolakoa izango den, baina interesa piztu digu.

Bertsio berriaz EITBren webgunean hau aurkitu dugu: 80. hamarkadako musker maltzurrak bueltan daude. 'V' telesailaren bigarren zatia arrakasta izugarriarekin hasi da Estatu Batuetako telebistan. 14 milioi lagunek ikusi zuten aurreneko kapitulua, asteartean, aurtengo estreinaldirik arrakastatsuena.
'V: The Second Generation' ('V: Bigarren belaunaldia) da kapitulu sorta berriaren izenburua. Kenneth Johnson da 13 kapitulu berrien zuzendaria. Alan Tudyk, Elizabeth Mitchell ('Lost', 'Flash Forward'), Marc Singery eta Robert Englud dira aktore nagusiak.
80. hamarkadako telesailaren antzera hasten da emanaldi berria. Gizakien antza daukaten estralurtarrak Lurrera heltzen dira. Plater hegalari erraldoietan datoz munduko hiri garrantzitsuenetara.
Hasieran modu baketsuan datozela uste dute gizakiek. Estralurtarrak produktu kimiko zehatz batzuen bila datoz Lurrera. Ordainean teknologia berriak irakatsiko dizkiete Lurrako biztanleei. Hala ere, arazoak egun bakar batzutan sortuko dira...

Telesail zaharraren sarreraren eta berriaren trailerraren artean, zaharrak beste xarma bat du. Zuek esango didazue...



viernes, 30 de octubre de 2009

'This is it'? Ez, mila esker

Argi dut gauza bat (eta hori bada zerbait). Argi dudana da datozen bi asteetan karteldegian egongo den 'This is it' Michael Jacksonen azkeneko egunen gaineko dokumentala ez dudala ikusiko. Batzutan zaila da zein film ikusi nahi duzun aukeratzea, baina hasteko zer ikusi ez dudan nahi erabaki dut. Produktuak ez nau batere erakartzen eta Michael Jackson bere sasoi sanoan (alde guztietatik) ikustea da onena. Esate baterako, Youtuben aurki daitezkeen bideo musikaletan... Dokumentalak dirutza egingo du bai, baina ez dadila niri esker izan.

Jackson oroitzeko hobe bideo hau:

viernes, 23 de octubre de 2009

The imaginarium of Doctor Parnassus

Terry Gilliamen azkeneko filma estreinatzen dute gaur Gasteizen, Bilbon, Barakaldon, Donostian, Irunen, Iruñean eta Tuteran (bikoiztuta). Guk Donostiako Zinemaldian dastatzeko aukera izan genuen, jatorrizko bertsioan, eta ikaragarri gozatu genuen. Efektu berezi harrigarriak, fantasia eta errealitatearen arteko jauziak. Tom Waits deabruarena egiten. Eta Heath Ledger aktorearen azken filma, grabaketaren erdian hil zen. Bera ordezkatzeko Gilliamek Johnny Deppen laguntza izan zuen, eta Ledger ordezkatzeko gidoia egokitu zuten: Depp, Jude Law eta Colin Farrell aritu ziren Ledgerren pertsonaia ordezkatzen (ispiluaren bestaldera, fantasiazko munduetan). Bi orduz eguneroko errealitatea ahaztu eta beste mundu batean sartzeko aukera ematen du filmak. Internetetik jatorrizkoa jaisteko aukera baduzue ez aukera galdu...

viernes, 16 de octubre de 2009

'Zorion in-perfektua', Zarautzetik Zarautzera

Joan zaigu aste gutxiren buruan Jabi Elortegiren 'opera prima' aretoetatik. Eta pena hartu dugu hain denbora gutxian karteldegian mantendu dela ikusita. Izan ere, euskarazko zinemak azken aldian izan duen eskaintza ausart eta txukunenetakoa iruditu zaigu 'Zorion perfektua'. Tira, agian perfektu perfektua ez da. Baina irregulartasun eta inperfekzio horretan, gustura dastatu genuen Anjel Lertxundiren liburuan oinarritutako egokitzapena. Anne Igartiburuk baleko interpretazioa egiten du. Eta protagonistaren nerabetasunean garatzen diren eszenak, Zarautzen filmatuak, nahiko ongi daude. Kurioski filmak Zarautzetik Zarautzerako bidaia egin duela ematen du: karteldegia begiratu eta soilik Zarauzko Modelo aretoan ikus daiteke gaurtik (Gasteizko Guridi aretoen salbuespenarekin). Edonola ere, Jabi Elortegik film berriak oparituko dizkigunaren itxaropenarekin gelditzen gara.


miércoles, 14 de octubre de 2009

Gaur gauean 'Tarantula' Hamaika telebistan

Tarantula (JBA)

Hamaika, 22:30. Zuz.: Jack Arnold. Akt.: John Agar, Mara Corday, Leo G. Carroll, Nestor Paiva, Ross Elliott, Edwin Rand, Raymond Bailey, Hank Patterson. 80 min. AEB, 1955.

Tarantula erraz ikusiko duzue, baina non da Clint?

Hamaika Telebistaren Kuletxov efektua saioaren barrenean, zinema jatorrizko bertsioan euskarazko azpidatziekin ikusteko modua izango da bigarren astez. Gaur, 50eko hamarkadan genero fantastikoan egindako Tarantula filma emango dute. Efektu bereziei dagokienez, zaharkituta dagoen lana da, baina xarma handia dauka oraindik. Inozotzat jo dezake ikusleak zenbait unetan lana. Generoa maite dutenek, dena den, primeran pasatuko dute.

Monster movie delako horren tramaren hasieran, zientzialari bati bi lankide hiltzea leporatuko diote. Baina handik gutxira deskubrituko dute bi zientzialariak armiarma erraldoi batek hil dituela. Tarantula handia esperimentu erratu baten ondorioz sortu da, eta Arizona lehorreko biztanleen artean izua sorraraziko du. Hastings doktoreak lan nekeza izango du armiarma harrapatu eta akabatzen.

Gerra Hotzaren erdian, zenbait zientzia esperimenturen etikaren inguruan halako hausnarketa egiten du filmak. Baina zuzendariak ez du horretan gehiegi sakontzen, eta gehiago gerturatzen da beldurrezko generora (garaiko ikuspuntua aintzat hartuta beti ere). Erritmo bizia du, eta ez da luzea.

Clint Eastwood gaztetxo bat agertzen da amaiera aldera.

Maitane Mitxelena



jueves, 8 de octubre de 2009

Urrezko Maskorra, euskarazko azpidatziekin


Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra Lu Chuan zuzendari txinatarraren City of Life and Death filmari eman diote aurten. Internauta batzuek, berehala filma hartu eta euskarazko azpidatziak prestatu dituzte auzolanean. Hortxe duzue aukera, ikusi eta gozatu:



*Manterola.org-en primeran esplikatzen dute nola egin eta zer pauso eman azpidatziak filmarekin ikusteko.