Tarantula (JBA)
Hamaika, 22:30. Zuz.: Jack Arnold. Akt.: John Agar, Mara Corday, Leo G. Carroll, Nestor Paiva, Ross Elliott, Edwin Rand, Raymond Bailey, Hank Patterson. 80 min. AEB, 1955.
Tarantula erraz ikusiko duzue, baina non da Clint?
Hamaika Telebistaren Kuletxov efektua saioaren barrenean, zinema jatorrizko bertsioan euskarazko azpidatziekin ikusteko modua izango da bigarren astez. Gaur, 50eko hamarkadan genero fantastikoan egindako Tarantula filma emango dute. Efektu bereziei dagokienez, zaharkituta dagoen lana da, baina xarma handia dauka oraindik. Inozotzat jo dezake ikusleak zenbait unetan lana. Generoa maite dutenek, dena den, primeran pasatuko dute.
Monster movie delako horren tramaren hasieran, zientzialari bati bi lankide hiltzea leporatuko diote. Baina handik gutxira deskubrituko dute bi zientzialariak armiarma erraldoi batek hil dituela. Tarantula handia esperimentu erratu baten ondorioz sortu da, eta Arizona lehorreko biztanleen artean izua sorraraziko du. Hastings doktoreak lan nekeza izango du armiarma harrapatu eta akabatzen.
Gerra Hotzaren erdian, zenbait zientzia esperimenturen etikaren inguruan halako hausnarketa egiten du filmak. Baina zuzendariak ez du horretan gehiegi sakontzen, eta gehiago gerturatzen da beldurrezko generora (garaiko ikuspuntua aintzat hartuta beti ere). Erritmo bizia du, eta ez da luzea.
Clint Eastwood gaztetxo bat agertzen da amaiera aldera.
Maitane Mitxelena
No hay comentarios:
Publicar un comentario