viernes, 30 de octubre de 2009

'This is it'? Ez, mila esker

Argi dut gauza bat (eta hori bada zerbait). Argi dudana da datozen bi asteetan karteldegian egongo den 'This is it' Michael Jacksonen azkeneko egunen gaineko dokumentala ez dudala ikusiko. Batzutan zaila da zein film ikusi nahi duzun aukeratzea, baina hasteko zer ikusi ez dudan nahi erabaki dut. Produktuak ez nau batere erakartzen eta Michael Jackson bere sasoi sanoan (alde guztietatik) ikustea da onena. Esate baterako, Youtuben aurki daitezkeen bideo musikaletan... Dokumentalak dirutza egingo du bai, baina ez dadila niri esker izan.

Jackson oroitzeko hobe bideo hau:

viernes, 23 de octubre de 2009

The imaginarium of Doctor Parnassus

Terry Gilliamen azkeneko filma estreinatzen dute gaur Gasteizen, Bilbon, Barakaldon, Donostian, Irunen, Iruñean eta Tuteran (bikoiztuta). Guk Donostiako Zinemaldian dastatzeko aukera izan genuen, jatorrizko bertsioan, eta ikaragarri gozatu genuen. Efektu berezi harrigarriak, fantasia eta errealitatearen arteko jauziak. Tom Waits deabruarena egiten. Eta Heath Ledger aktorearen azken filma, grabaketaren erdian hil zen. Bera ordezkatzeko Gilliamek Johnny Deppen laguntza izan zuen, eta Ledger ordezkatzeko gidoia egokitu zuten: Depp, Jude Law eta Colin Farrell aritu ziren Ledgerren pertsonaia ordezkatzen (ispiluaren bestaldera, fantasiazko munduetan). Bi orduz eguneroko errealitatea ahaztu eta beste mundu batean sartzeko aukera ematen du filmak. Internetetik jatorrizkoa jaisteko aukera baduzue ez aukera galdu...

viernes, 16 de octubre de 2009

'Zorion in-perfektua', Zarautzetik Zarautzera

Joan zaigu aste gutxiren buruan Jabi Elortegiren 'opera prima' aretoetatik. Eta pena hartu dugu hain denbora gutxian karteldegian mantendu dela ikusita. Izan ere, euskarazko zinemak azken aldian izan duen eskaintza ausart eta txukunenetakoa iruditu zaigu 'Zorion perfektua'. Tira, agian perfektu perfektua ez da. Baina irregulartasun eta inperfekzio horretan, gustura dastatu genuen Anjel Lertxundiren liburuan oinarritutako egokitzapena. Anne Igartiburuk baleko interpretazioa egiten du. Eta protagonistaren nerabetasunean garatzen diren eszenak, Zarautzen filmatuak, nahiko ongi daude. Kurioski filmak Zarautzetik Zarautzerako bidaia egin duela ematen du: karteldegia begiratu eta soilik Zarauzko Modelo aretoan ikus daiteke gaurtik (Gasteizko Guridi aretoen salbuespenarekin). Edonola ere, Jabi Elortegik film berriak oparituko dizkigunaren itxaropenarekin gelditzen gara.


miércoles, 14 de octubre de 2009

Gaur gauean 'Tarantula' Hamaika telebistan

Tarantula (JBA)

Hamaika, 22:30. Zuz.: Jack Arnold. Akt.: John Agar, Mara Corday, Leo G. Carroll, Nestor Paiva, Ross Elliott, Edwin Rand, Raymond Bailey, Hank Patterson. 80 min. AEB, 1955.

Tarantula erraz ikusiko duzue, baina non da Clint?

Hamaika Telebistaren Kuletxov efektua saioaren barrenean, zinema jatorrizko bertsioan euskarazko azpidatziekin ikusteko modua izango da bigarren astez. Gaur, 50eko hamarkadan genero fantastikoan egindako Tarantula filma emango dute. Efektu bereziei dagokienez, zaharkituta dagoen lana da, baina xarma handia dauka oraindik. Inozotzat jo dezake ikusleak zenbait unetan lana. Generoa maite dutenek, dena den, primeran pasatuko dute.

Monster movie delako horren tramaren hasieran, zientzialari bati bi lankide hiltzea leporatuko diote. Baina handik gutxira deskubrituko dute bi zientzialariak armiarma erraldoi batek hil dituela. Tarantula handia esperimentu erratu baten ondorioz sortu da, eta Arizona lehorreko biztanleen artean izua sorraraziko du. Hastings doktoreak lan nekeza izango du armiarma harrapatu eta akabatzen.

Gerra Hotzaren erdian, zenbait zientzia esperimenturen etikaren inguruan halako hausnarketa egiten du filmak. Baina zuzendariak ez du horretan gehiegi sakontzen, eta gehiago gerturatzen da beldurrezko generora (garaiko ikuspuntua aintzat hartuta beti ere). Erritmo bizia du, eta ez da luzea.

Clint Eastwood gaztetxo bat agertzen da amaiera aldera.

Maitane Mitxelena



jueves, 8 de octubre de 2009

Urrezko Maskorra, euskarazko azpidatziekin


Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorra Lu Chuan zuzendari txinatarraren City of Life and Death filmari eman diote aurten. Internauta batzuek, berehala filma hartu eta euskarazko azpidatziak prestatu dituzte auzolanean. Hortxe duzue aukera, ikusi eta gozatu:



*Manterola.org-en primeran esplikatzen dute nola egin eta zer pauso eman azpidatziak filmarekin ikusteko.